Gibelalde. Lizeagako Auzo Elkartea

Gibelalde. Lizeagako Auzo Elkartea

Lizeaga auzoaren historia

Lizeaga Auzoa

Lizeaga, harresiz kanpoko bide zena berrogeita hamar urtetik gorako historia duen auzo bihurtuta


Garai batean Magdalena izenez ezagutzen zen aldiria historikoki Hernaniren harresitik hegoalderako irteera-bidea zen funtsean, baina aldaketa handia gertatu zen bertan XX. mendearen bigarren erditik aurrera Lizeaga deitura hartu zuen auzoa bihurtzeraino.

60. urteetako hamarkadan hasita, biztanle-kopurua nabarmen handitu zen industriaren garapenaren eraginez. Ordura arte nagusiki nekazari izandako herrian etxebizitza gehiago behar ziren azkar, eta hori da Lizeaga auzoaren jatorria.

Garai horretan sinatu ziren lehen eskriturak 1963koak dira. Geroztik auzoa iparralderantz eraikitzen joan zen, San Antonio Paradoretik udaletxerantz.

Merkataritza
60. urteen amaieran eta hurrengo hamarkadan zehar saltokiz bete ziren gure kaleak eta ia denetarik zegoen: lau harategi, bi arrandegi, okindegia, gozotegia, estankoa, hiru janari-denda, drogeria, ardandegia, bi ile-apaindegi, bi arropa-denda, autoak konpontzeko lantegia, lau taberna, burdindegia, edariak banatzeko biltegia eta ikaztegia.

Eraikinak
XX. mendeko lehen eraikina Argi-argi etxea da, “Goia” izenaz ezagunagoa. Lehen atalondoa Joxe eta Juanito Goiak eraiki zuten 1933.ean. Bigarren atalondoa, berriz, 50. urteen hamarkadan erantsi zion Juanito Goiak.

San Antonio Paradorea auzoaren ikono izan zen eraitsi zuten arte. 1938. urtean zabaldu zutenetik hamaika bataio, eztei, jaunartze, enpresa-otoruntza eta beste ospatu ziren bertan.

90. urteen hamarkadaren amaiera aldera erre aurretik, Langile ikastolaren ikasgelak egon ziren bertan, eta Hernaniko Gaztetxe izan zen geroago. Garai hartan eraikin zaharrean ohikoak ziren kontzertuak, tailerrak (serigrafia, buztina, pintura etab.), ikastaroak… Era berean, herriko lehen Olinpiaden egoitza izan zen, baita sanjoanetako Akelarrearen abiapuntu eta entsegurako leku ere.

Bi eskola zeuden auzoan: José Gay Mur eskola publikoa (gaur, Urumea Ikastola) eta Inmaculada eskolaren zenbait ikasgela Larramendi 11ren behean.

Beste eraikin esanguratsu bat Benefizentzia Etxea izan zen, 1868an eraikia. Auzoaren bihotzaren eta Ezkiaga pasealekuaren erdibidean zegoen, gaurko Larramendi kalean.

Gaur Sandiusterri deritzon eraikina da nagusi, Osasun eta Gizarte Ongintzarako Patronatuaren egoitza.

Jaiak
Maria Magdalena egunaren (uztailaren 22aren) inguruan ospatu izan dira auzoko jaiak. Beti ez dute nahi besteko arrakasta lortu, baina urte gogoangarriak ere izan dira, batez ere 70. urteen hamarkadaren amaiera eta 80. urteen hamarkadaren hasiera aldera. 2016tik aurrera urriko lehen astera atzeratu dira.

Gaur egun
Garai bateko auzoko denda gehienak desagertuta, haiek libre utzitako lokalak gazteentzako topaleku bihurtu dira, edo auzotarren trasteleku, eta kasuren batean bizileku; baina asko eta asko hutsik daude.

50 urteren buruan, hirigintza-biziberritzea da gure auzoaren premia larriena; hura gabe zaila izango da merkataritza sustatzea, auzoari bizirik eustea eta bertakoon bizi-kalitatea hobetzea.

Irudi-galeriak


Argazkiak:
Xabier Iriarte, Udal Artxibategia eta Gibelalde.


Madalena jaiak - Lizeaga auzoa - Hernani
Madalena jaiak - Lizeaga auzoa - Hernani
gibelalde.com

Larramendi kalea
Larramendi kalea
gibelalde.com

San Antonio Paradorea
San Antonio Paradorea
gibelalde.com

Auzoaren 50. urteurrenaren ospakizuna
Auzoaren 50. urteurrenaren ospakizuna
gibelalde.com